Erredakzio •  Euskal Herria •  08/11/2016

Otegi: “Batzuk gerra logika batean badaude ere, guk bakearen alde lanean jarraituko dugu”

Arnaldo Otegi EH Bilduko bozeramaileak adierazi duenez, Espainiako eta Frantziako estatuak “gerra logika batean eta blokeo jarrerarekin” daude, eta horrek oztopoak jartzen ditu gatazkaren ondorioen konponbideak bilatzerako orduan. Era horretara, erreferentzia zuzena egin die presoen, deportatuen eta errefuxiatuen egoerari.

Otegi: “Batzuk gerra logika batean badaude ere, guk bakearen alde lanean jarraituko dugu”

EH Bilduren barruan dauden alderdietako ordezkariekin (Pello Urizar, Rebeka Ubera eta Diana Urrea) agertu da agerraldian Otegi, bakegintzaren eta elkarbizitzaren alorrean azken 5 urteetan jazo direnen balantzea egiteko. Era horretara, duela 5 urte egindako Aieteko Konferentziak nazioarte mailan izan zuen oihartzuna eta garrantzia azpimarratu ditu, “nahiz eta egun hori guztia ahaztuta dagoela ematen duen”. Zentzu horretan, gogora ekarri du Aieteko Konferentziaren ondorioak bide orria izaten jarraitzen dutela, eta nabarmendu du EH Bilduk bide orri jarraituko diola etorkizunean.

EH Bilduk egindakoei dagokionez, jarrera autokritikoa azaldu du, baina biktimen arloari dagokionean aurrerapausoak egin dituela zehaztu du. “Gure esku zegoena, egin dugu. Biktimen arloan urratsak eta ekarpenak egin ditugu, eta aurrerantzean ere egingo ditugu”, esan du. Presoen arloari dagokionez, ezin izan dela aurrera egin agertu du. Espainiako eta Frantziako estatuen blokeo jarrerak aurrera ezin egin ahal izatea ekarri duela nabarmendu du. “Gerra logika baten daude. Bakearen etsaiak dira”, esan du.

Amaitzeko, Otegik nabarmendu duenez, “hurrengo legealdia behin betikoa izango da aurreko zikloak utzitako ondorioak konpontzeko”.


EH Bildu /  ETA /  Euskal Herria /