Erredakzio •  Euskal Herria •  11/11/2016

Gasteizko Udalak prekarizatu eta kaleratu egiten ditu bere azpikontratetako langileak

Sindikatuek -ELA barne- elkarreteratzea deitu dute datorren astelehenerako Gasteizko Udaletxeaaren aurrean azpikontratetako langileek lan-baldintza duinak eskatzeko.
Gasteizko Udalak prekarizatu eta kaleratu egiten ditu bere azpikontratetako langileak

ELA; LAB; UGT, CCOO eta ESK sindikaten agiria:

Berriz ere guk geuk pairatu behar izan dugu udalaren estrategia hori, bere kontratetako langileok lan-baldintza duinik merezi ez dugulako helburua duena.

Berriz ere Gizarte Politiken Sailak apustu egin du bakan batzuen irabazien alde, gizarte-zerbitzuetan benetan diharduten langileen eskubideen kontura.

Berriz ere sumindu gara udal-sail horrek begirunea galdu dielako sektoreko langileen eginkizunei; izan ere, zalantzatan ibili barik begirale edo auskalo noren laguntzaile edo burura lehenengo datorkiena izendatzen gaituzte. Kontua da guk soldata duinik ez jasotzea, nahiz eta haiek sobera jakin gure atazak kualifikatuak direla, eta horietan aritzen garenok gizarte-langileok garela, edo psikologo, hezitzaile edo integratzaile sozial. Oraingo honetan, hain zuzen, ez dute onartu nahi gizarte-langilearen kategoria, diru-arrazoi hutsengatik, baina figura hori ezinbestekoa da zerbitzuaren jardute onerako.

Berriz ere bat-bateko erabakiak hartu dituzte, plangintza bati jarraitu gabe, Gizartegintzan lan egiten dugunon haserrerako. Neguko Ostatu-emateko Bitartekoa ez dute aurreikusi, plangintzarik eza denon begien aurrera atera arte; horrek erakusten digu beren gaitasun gabezia, eta baita gizarte-bazterketaren egoera latzetan bizi direnekiko begiramen eskasa ere. Zer uste zuten, bada, klima-aldaketaren ondorioz Gasteizen negurik izango ez genuela?

Berriz ere zerbitzuak emateko lehiaketa-enkante baten deialdia egin dute, hutsik geratu dena, ez baitago inor zerbitzu hori hartzeko prest, aurrekontuan ezarritako kostu eta plantillarekin. Aurreko denboraldietan plantilla ugaltzeko beharra bazegoela jakin arren, baldintza-orrietan plantilla murriztera ere ausartu dira.

Berriz ere kale gorrian utzi dituzte zerbitzu hori 3 urtez ematen ari izan diren pertsonak, subrogazio-eskubidea errespetatu gabe, Gizartegintzaren Hitzarmenean eskubide hori jasota egon arren.

Aski da! Arabako Gizartegintzaren sektorean ordezkaritza duten sindikatuok kudeaketa lotsagarri hori salatzen dugu, eta Udalaren eraso guztiei aurre egiteko asmoa adierazten dugu.

Horregatik, astelehenean, 10:00etan elkarretaratze bat egingo dugu udaletxearen aurrean.