Erredakzio •  Euskal Herria •  21/09/2016

“AHT Gelditun Orain Orain! Elefante Zuririk Ez!”

Egun hauetan Eusko Legebiltzarreko hauteskunde kanpainan hainbat partidu politikok Abiadura Handiko Trena lotsagabeki zer nola bultzatzen duten ikusirik, gaur hemen bildu gara argi eta ozen AHT Gelditzeko Orain! aldarrikatzeko.

“AHT Gelditun Orain Orain! Elefante Zuririk Ez!”

Ez dugu hormigoi politika ustela bideratzen duen hau bezalako proiektu faraonikorik nahi zeren hainbat arrazoien artean, AHT geratu ezean, behin eta berriz alor desberdinetan jasaten ari garen murrizketez ez gara libratuko, eta bereziki zerbitzu sozialetan, hezkuntzan eta osasungintzan.

Bost partidu politiko nagusien hitzak aztertzen hasiz gero, harritzen gaitu bat egiteak PPko Soraya Sáenz de Santamaríak esaniko hitzekin: “Urkulluri interesatzen zaiona AHT nork esleitzen duen da”. Hau da hau, Soraya eta Iñigo “zozoak beleari ipurbeltz!”. Argi adierazten digute hitz hauekin eta AHTren ibilbidean izaniko jokaerekin zer nahi duten bultzatzaile guztiek: tarta zatiren bat poltsikoratu. PP eta PNVk bultzatzeaz gain, hor dugu PSOE ere; Eusko Jaurlaritzan sartu, eta ziztu bizian, hasi ziren Gipuzkoako AHTren lanak txoko ugaritan martxan jartzen.

EAJ-PNVri dagokionean, Urkullu lehendakariaren ahotik AHT «lehentasun bat da eta ez du inork geldituko» izan dugu entzungai. Ez dugu ulertzen nola litekeen “Irekia” eta “Orain Gipuzkoa” bitartez herritarren parte hartzea bultzatzen egotea eta beraien hitzetan aipatutako jarrera inposatzaileak izatea.

Era berean, argi eta ozen esan nahi diogu “AHT Gelditu ORAIN! Elefante zuririk ez!” Elkarrekin Podemosi. Nola liteke Pili Zabalak AHT praktikoki ia amaitua dagoela esatea! Horiek izan dira beraien hitzak eta ez dugu inondik inora onartzen, AHT amaierarik ez duen proiektu bat delako. Arrazoi ugari ditugu hori esateko: inbertsioaren erdia baino gehiago gastatzeke dago; martxan jarri ezkero, konponketa eta mantenu gastu izugarriak izango lituzke eta txartelen kostuaren bidez ez ziren berdinduko; uhin elektromagnetikoen kutsadura artean egongo ginateke; energia xahuketa bortitza lekarkiguke; nahi ez dugun mugikortasun azkarreko eredu soziala eta hirien hazkunde ez jasangarria bultzatzen du … Honek, AHT elefante zuri bat* dela adierazten digu, hau da, betirako litzatekeen karga jasanezina.

Igande honetan hauteskundeak ditugu berriro ere. Badirudi haien ordezkaritza parlamentarioaz gain, badutela jokoan tartaren zatirik handiena ere, bere poltsikora nork eramango duen AHTren AITZAKIAZ!. Hori bai!, bata edo bestea politika berberarekin jarraituko dute, hau da, geroz eta alor gehiagotan murrizketa bat bestearen atzetik jasaten eta hondamendi ekologikoa areagotzen.

*»Elefante txuria»ren adierazbideak jabetza batek gastu gehiago dakarrela etekinak baino esan nahi du. Tailandiako erregeek bere menpeko bat hondoratu nahi zutenean elefante txuri bat oparitzen omen zioten, animal saindua zenez ezin zelako lanean erabili.