Erredakzio •  Euskal Herria •  11/11/2016

UPV/EHUren inkesta batek gehiengo argia erakusten du baldintza gabeko oinarrizko errentaren alde

Euskal unibertsitate munduko zenbait kolektiboren artean –ikasleak zein langileak barnean hartuta– egindako azterketa baten arabera, % 54,4 dago izaera horretako esleipen bat ezartzearen alde. % 3,5ek besterik ez lioke utziko lan egiteari diru sarrera horiek jasotzekotan; % 19,4k, berriz, bere lan ordutegia laburtuko luke eta % 71,8k bere jarduerari eutsiko lioke aldaketarik egin gabe. Lan horren ondorioak azaroaren 18an eta 19an Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean egingo den Oinarrizko Errentaren XVI. Sinposioan aurkeztuko dira

UPV/EHUren inkesta batek gehiengo argia erakusten du baldintza gabeko oinarrizko errentaren alde

Azaroaren 18an eta 19an Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean egingo den Oinarrizko Errentaren XVI. Sinposiorako bi aste falta direnean, haren antolatzaileek Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV-EHUk) egindako inkestaren emaitzak ezagutarazi dituzte. Dokumentu horretatik ondorioztatzen denez, gehiengo argia dago baldintza gabeko oinarrizko errenta baten alde.

Azterketa irailean egin da UPV-EHUko kolektiboen artean. Guztira 3.057 erantzun lortu ziren, besteak beste, 1.479 ikaslek eta 1.330 langilek eskainitakoak. “Orain arte baldintza gabeko oinarrizko errentari buruz egindako bigarren inkesta handiena da”, azpimarratu zuten sustatzaileek. Lortutako emaitzen arabera, inkestatuen % 54,4k baldintza gabeko oinarrizko errentaren alde egiten du; % 24,6, berriz, aurka agertu zen eta gainerako % 21,1ek ez zuen iritzirik eman.

Halaber, azterketak DALIA Research-ek estatu espainiarraren mailan eta GESOPek Kataluniako esparruan lehenago egindako inkestetan ikusitako joera bat berresten da: Euskadiren kasuan, kopuru txiki batek (% 3,5k) soilik utziko lioke lan egiteari mota horretako esleipen bat jasoko balu. Testuinguru horretan, % 71,8k esan zuen lanean jarraituko zuela eta % 19,4k adierazi zuen bere lan ordutegia laburtuko zuela. Zifra horren aurrean, txosten honen egileek baldintza gabeko oinarrizko errentak emango lukeen “norbanakoen askatasun handia” nabarmendu nahi izan dute, “denbora norberak benetan egoki deritzon horretan inbertitzeko”.

Inkesta honen ondorio horiek eta beste batzuk aurkeztuko dira Oinarrizko Errentaren XVI. Sinposioan, non hainbat esparrutako aditu eta profesional kopuru handi batek parte hartuko duten. Ekitaldi hori Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak, Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateak eta Oinarrizko Errenta Sareak (RRBk) antolatzen dute, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren eta Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Sailaren finantzaketa du, UPV/EHUrenaz gain.